Eraztunle aditu edo espezifiko izanda, eraztundu ahal izateko, eraztunle karneta deritzona izatea ezinbestekoa da.
ERAZTUNLE ADITUA
Eraztunle Aditu izan ahal izateko, azterketa gaindituz bukatzen den trebatze prozesu bat burutu behar da. Karneta, baimena ematen duten administrazioen aurrean, eraztunlea Eraztuntze Bulegoak bermatzen duela ziurtatzen duen agiria da. Jarraian, karneta eskuratzeko jarraitu beharreko (edo gomendatutako) pausuak deskribatzen dira.
Lehena:
Zure inguruko eraztunle edo eraztunle talde batekin kontaktuan jartzea gomendagarria da. Prozesua, ahalik eta eraztuneta-saio gehienetan parte-hartzean datza. Horrela sareak edo beste mota batetako tranpak jartzen, hegaztiak harrapatzen eta maneiatzen, eraztuntzen, neurriak hartzen, etab.-en trebetasuna hartzen da. Era berean, espezieen identifikazio eta datazioari buruzko ezagutzaren hobekuntzari zuzendutako formakuntza ikastaroetan parte-hartzea ere gomendagarria da. Prozesu honen baitan, eraztunketa azterketara aurkeztu ahal izateko eskakizunak, hots, gutxieneko 60 eraztunketa-saioak, gutxieneko 60 espezieak eta 1500 aleak (espezieko 100 ale gehienez kontutan hartuko dira) beteko dira. Informazio hau guztia xede horretarako eskuragarri dauden orriaetan islatu beharko da eta eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko orriak Idazkaritzara bidali beharko dira.
Bigarrena:
Goian aipatutako minimoak bete ostean, eraztunle-gaia eraztunle azterketara aurkeztu beharko da. Horretarako, Idazkaritzak zehaztutako epean, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:
Azterketara aurkezteko eskari formala (ring@aranzadi.eus-era idatzi).
Eraztunle aditu baten bermea.
Ongi osatu eta sinatutako datu partzialen orriak eta eraztunketen laburpen orria.
Hirugarrena:
Azterketa gaindituz gero, eraztunle-gaia eraztunle aditu bilakatuko da eta ondorioz, bakanki edo eraztunle-talde batetan, nahi duen proiektuetan eraztundu ahal izanen du. Bulegoaren bermea jaso eta baimen eskariak bideratu ahal izateko Aranzadiko kide izatea derrigorrezkoa izanen da.
ERAZTUNLE ESPEZIFIKOA
Kategoria honetan, eraztunle aditu izan gabe, eraztunketa espezie bakarrari edo espezie-multzo txiki bati zuzendutako proiektuak garatzen dituztenak sartzen dira.
Eraztunle espezifiko bezala altan emateko honakoak bete behar dira:
Bulegoari (Idazkaritzaren bitartez) eskari formala egin behar zaio.
Aranzadi Zientzia Elkarteko kide izatea.
Ikerketa proiektu batetan parte hartzea; Idazkaritzara proiektuaren kopia digitala bidali behar da bertan, titulua, proiektuaren planteamendu eta helburuak, itu-espeziea(k), metodoak (ikerketa eremua, lan-aldia, protokoloa, harrapaketa metodoak, etab.), parte-hartzaileak eta euren afiliazioa, aurretiko esperientzia eta orokorrean, Eraztunle Batzordeak proiektua ebaluatzea baimenduko duten datu guztiak, azaldu beharko dira.
Eraztunle aditu baten bermea. Eraztunlea beste eraztunle buego batetako kidea bada, bermearen baliokidea, NAN-aren fotokopia eta eraztunle karneta/bermea bidali beharko dira.
Itu-espeziearekin/ekin aurretiko lan-esperientzia frogatu beharko da (dokumentuan eraztunketa orriak ikusi: PDF).
Araudian zehazten diren eginbeharrak beteko direnaren sinatutako konpromezua bidali behar da.
Dokumentazioa jaso ostean, Bulegoko Eraztunle Batzordeak erabakiaren berri (eskariaren onarpen edo errefusatzea) hilabete baino lehen emanen du.
Bermea ematen duen eraztunleak, bermea jaso duenaren praxi okerraren erantzukizuna izanen du eta Zigor-Araudiak zehazten duen moduan, zigorra jaso lezake.