EPE LUZERAKO HEGAZTIEN MONITORIZAZIORAKO ERAZTUNKETA-GUNE PROGRAMAK
Eraztunketa bulegoei dagozkien eskumenen artean, kooordinatutako hegaztien eraztunketa zientifiko programetan parte hartzea eta programa hauek sustatzea dago. Espezieen eta habitaten kontserbazioari buruzko ezaguntza emendatzen duten programetan parte hartzeak garrantzi handia du (Espainian Eraztunketa Zientzifikoa burutzeko Arau Teknikoak, 3.6 artikulua, MITECO, 2019). Testuinguru honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Eraztuntze Bulegoak Epe Luzerako Hegaztien Monitorizaziorako Eraztunketa-gune Programak bere eraztunleentzako eskuragarri jarri ditu. Programa guztiek oinarria Laginketa Gune Iraunkorretan (LGI) dute eta aldagai desberdinak (demografikoak, morfologikoak, felologikoak, etab.) estimatu ahal izateko balio dute; aldagai hauek erabilita, hegazti espezie askoren joerak estimatu eta kontserbazio egoera ebaluatu daitezke.
Programa hauetan parte hartzen duten laginketa-guneak, gehien batean, beren lana boluntarioki egiten duten eraztunleek mantentzen dituzte. Orokorrean, proiektuan parte-hartu duten eraztunleak ehun baino gehiago dira; hauei gainera, formakuntzan dauden eraztunle-gaiak, ingurune heziketa eta sentsibilazioari lotutako dibulgazio eta informazio jardunaldietara hurbildutakoak, etab. gehitu behar zaizkie. Eraztunleak eraztunle bakan moduan edo eraztunle taldetan antolatuta, programa hauei lotutako LGI sarea Aranzadiko Eraztuntze Bulegoko proiektu kolaboratibo garrantzitsuena da. Emaitzak EMAN Berriak buletinean argitaratzen dira.
HEGAZTI HABIAGILEAK MONITORIZATZEKO ERAZTUNKETA-GUNE PROGRAMA (EMAN)
EMAN programa ugal garaiko populazioen monitorizazioan oinarritzen da. 2010an habiatu zen eta Eraztunketa Bulegoko programa koordinatuen artean zaharrena da. Programa honen helburua, epe luzean eta joerak estimatzeko asmoz, hegazti habiagile arrunten (batez ere paseriformeen eta antzeko tamaina duten gertuko talde taxonomikoen) populazio-aldagai nagusiak kalkulatzea da: ugaritasun-indizea, produktibitatea eta biziraupena.
EMAN guneetako laginketa garaia maiatza eta uztaila artetan luzatzen da.
HEGAZTI NEGUTARRAK MONITORIZATZEKO ERAZTUNKETA-GUNE PROGRAMA (EMAI)
EMAI programa neguan garatzen da. 2018 urtean jarri zen habian. Programa honen helburua, neguan habiagileak ez diren hegaztien (paseriformeak eta antzeko taldeak) populazio-aldagaiak zehaztea da: ugaritasun-indizea, adina eta sexuaren araberako populazio-egitura eta biziraupena.
EMAI guneetan abendua eta urtarrila artean lagintzen da.
HEGAZTIEN MIGRAZIOA MONITORIZATZEKO ERAZTUNKETA-GUNE PROGRAMA (EMMA)
EMMA programak migrazioaren geldialdi-guneetan metatutako hegaztiak, hots, pasean dauden hegaztiak, aztertzen ditu. Helburua, migrazioan dauden hegaztiek erabiltzen dituzten guneen erabilera ebaluatzeko balio duten aldagai-multzoa zehaztea da. Itu-espezieak paseriformeak eta antzeko espezieak diren arren, erabiltzen den sere motak, programa zankaluzeak bezalako beste talde batzuen ikerketarako ere hedatzea baimentzen du. Estimatu litezkeen aldagai nagusiak hauek dira: ugaritasun-indizea, sexu eta adin ratioen araberako populazioaren egitura, migrazio gunean emandako denbora, erreserba irabazi-tasa, erreserba karga eta hegaldi-tartearen estima, komunitateen egitura.
HEGAZTIAK URTE OSOAN ZEHAR MONITORIZATZEKO ERAZTUNKETA-GUNE PROGRAMA (EMPA)
EMPA programa hegaztien epe-luzeko eta urte osoan zeharreko monitorizazioan oinarritzen da. Urte osoan zehar aktibo daudenez, EMPA guneek EMAN eta EMAI programetako helburuak gauzatzen ere laguntzen dute. Gainera, EMAN edo EMAI laginketa garaietan ikertu ezin daitezkeen prozesuen azterketa baimentzen dute. EMPA programaren helburua honako aldagaiak zehaztea da: ugaritasun-indizea, populazioaren egitura (adina eta sexu ratioak), biziraupena, muda edota ugal prozesuen intentsitatea eta iraupena, etab.
EMPA gueek gainera, eraztunle berrien formakuntzan berebiziko garrantzia dute.
EMAN, EMAI, EMMA edota EMPA programetan altan emateko eta programa hauen datuak bidaltzeko informazio erabilgarria hemen duzue:
HEGAZTIEN UGALKETA HABI-KUTXETAN MONITORIZATZEKO PROGRAMA (MORE)
Ziurrenik habi-kutxak, ornitologia arloan gehien erabiltzen den tresnetako bat dira. Kontserbazio eremuan duten garrantziaz haratago, ikerlari askok, habi-kutxak hegaztien ugalketa kontrolpeko baldintzetan aztertzeko erabiltzen dituzte. Ugalketa prozesuaren ikerketak hainbat prozesu barneratzen ditu: habia egiteko leku egokia bilatzea, habiaren eraikuntza, errutea, inkubazioa eta txitak gizentzea.
Epe luzean habi-kutxak jarraitzeak gainera, ugalketari dagozkion gai zehatzez gain, ugalketaz bestelako prozesu demografikoekin (dispertsioa edo biziraupena esaterako) ,fisiologiarekin, banakoen ezaugarriekin, etab.-ekin erlazionatzea baimentzen du. Ingurune aldagaiek duten eragina eta denboran zehar emandako aldaketak ere neurtu litezke.
MORE programaren helburua habi-kutxak erabiltzen dituzten hegaztiei dagozkien oinarrizko aldagaiak estimatzea da: errunaldi-data, errunaldiaren tamaina, eklosio-tasa (errunaldi tamaina eta eklosionatutako arrautza kopuruaren arteko erlazioa) eta hegaldatze-tasa (protuktibitatearen baliokidea: hegan egiten duen, hots, habi-kutxa uzten duen txita kopurua).
MORE proiektuan parte hartzeko:
IBERMUDA PROGRAMA
Proiektu honek iberiar penintsulako hegazti paseriforme espezie arruntenen muda patroia deskribatzea du helburu. Aranzadi Zientzia Elkarteak, "Estación Biológica de Doñana"-k, "Institut Català d’Ornitologia"-k, "Grupo Ornitológico Balear"-ek eta "Sociedad Española de Ornitología"-k sustatutako ekimena da. Espainiako eraztunleei zuzendutakoelkarlaneko proiektu irekia da.
5 urtetako proiektua izaki, 2019.an jarri zen habian. Zoritxarrez, 2020 urtean COVID-19-a zela eta eraztunle askok ezin izan zuten beren lana gauzatu eta ondorioz, ziurrenik proiektua 2023 urteaz haratago luzatuko da.
EUROPAKO HEGAZTIEN MIGRAZIO ATLASA
Eraztunketari esker, denboraren poderioz, espezie askoren milaka eraztunketa-berreskurapen datu sortzen dira eta datu hauekin, hegaztien migrazioarekin erlazionatutako hainbat arlori buruzko ikerketak egin daitezke: migrazio-bidei dagozkien analisiak, konektibitatea, biziraupena eta heriotza-arrazoiak, etab. Aranzadiko Eraztuntze Bulegoak, datuak gordetzeaz gain, 'Aranzadi' zein beste bulego batzuen helbidea duten gure eraztunle eta laguntzaileek bideratzen dituzten berreskurapenekin, datu basea ere eguneratzen du. Datu hauek guztiak urtero EURING datu-bankura bidaltzen dira eta horrela beste ikerlari batzuek ere zientzia eta kudeaketarako erabil ditzakete.
Horrela, EURING-eko partaide diren gainerako bulegoekin batera, Aranzadiko Eraztuntze Bulegoak Europako Hegazti migratzaileen atlasean parte hartu du. Proiektu hau EURING-en eta Europako bulegoek garatutakoen artean garrantzitsuenetarikoa da. Gure Bulegoak, datuak bidaltzeaz gain, interpretazioan laguntzeko espezie bakoitzaren kartografia laguntzen duten testuen erredakzioa eginez ere kolaboratu du.
Aranzadiko Eraztuntze Bulegoak gainera, ikerketa migratologikoak egiteko mota honetako datuen analisi eta maneiuan duen esperientzia eskaintzen dizue.